XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

TELEBIXTA LEIHOTIK

Aste luze bat telebixtari soakorik eman gabe!

Zer idatziko dut, beraz?

Ez ditut entzun erreferenduma ondotik egin diren komentarioak, ele alferrak direla gehienetan, ele ahulak.

Zorionez edo zorigaitzez hor dira kasetak, egunkariak eta bertze.

Mitterrand-ek utzi behar duela bere kargua? Berehala?

Batzuen amentsak, bertzeak eskuetan dauzka, hogoita hameka eta esku.

Aintzinatu behar direla hauteskundeak?

Qui lo sa! Pasqua-k dion bezala.

Batzuk nahi digute sinetsarazi eza eman duten % 49k irabazi dutela.

Ezak irabazi balinbadu Frantzian, baiak irabazi duke Denamarkan edo ez du balio erreferendumik egitea.

Igandean baziren hauteskundeak zenaturrentzak.

Hiruetarik biga kanpo Montet eta Duboscq, haien ordain Althapé, deitura horrekin biarnesa halere, Borotra Miarritzeko auzapeza, eta segitzen du bere karguan Cazalet-ek.

On dagizuela, Jaunak, bederatzi urterentzat.

L'enveloppe: (Larunbat aratsean, FR3).

Nola zikint daiteken poliziako inspektore bat salatari baten bitartez.

Egia da poliz-gizonak jokaldi ederrak egiten dituela salatariari esker.

Bainan salataria galdegile bilakatzen da eta jende batzuen (gaixtaginak alegia) gerizatzeko galdegiten du dirua poliz-gizonaren izenean.

Saltsa eder bat muntatzen du orduan.

Azkenean ohorea salbatuko du poliziak.

Errealitatetik hurbil doa filma, bereziki erakusten duelarik polizien arteko guduka eta ere nola aitorarazten zaion norbaiti behar dena.

ZINEMA

La frontera: Igande aratsalde apalean zineman izan naiz, ikusteko Miarritzeko festibalean lehen saria irabazi duen filma.

Deitzen da La frontera eta Txilen egina.

Muga bat baino gehiago bada filma horretan.

Pinochet-en garaiakoa da eta uholde ikaragarri batekin hasten da.

Ez ote da uholde hori Pinochet-en estadu-golpea?

Erakasle bat igorria da Txile-hegoaldeko lur hotzetara, zokoratua, egunean bizpahiru aldiz sinatu behar duela.

Denek pentsatzen dute terrorista bat dela.

Bizi da, beraz, herrixka batean, bakartasunean.

Ez osoki halere, sankristian ukanen baitu egoitza eta maitatuko baitu Maite deitzen den euskaldun errefusiatua den alaba, Pasionaria idurikoa.

Han, dena muga: polizia astoak eta bertzeak, Maite bere aitarekin eta bertzeak, Indiartsa bat bere indiar hizkuntza atxikiz, bertzeak espainolez ari direlarik.

Muga ere etortzen zaiolarik erdi preso danari, bere emaztea izana eta bere semea; muga doblea urrundik mintzatu behar dutelakotz eta ez dutelakotz elgar aditzen.

Filma ederra, hunkikorra noiztenka, umorez betea noiztenka.

Anitz euskaldun izen: egilearena lehenik Ricardo Larrain, haren anaiarena, eta gero Hormaetxea, Aguirre eta bertze.

Carlos Azpurua batek irabazi du Sud-Ouest-ek emanikako saria.

Nork dio gibelatuak direla euskaldunak.